Estás en: Portada→AiaraTur
AiaraTur
Aiaratur (Aiara Haraneko eta Goi Nerbioiko Turismo Elkartea) irabazteko asmorik gabeko turismo publikoko elkarte pribatua da eta Artziniega, Aiara, Amurrio, Laudio, Urduña eta Okondoko udalek osatzen dute. Bertan, aipatu udaletako eta eremu geografiko horietako ordezkariek hartzen dute parte: Aiaran Landa-Etxeen Elkarteak eta Laudio, Urduña eta Amurrioko merkatarienek (APILL, ACCOR eta APYMCA, hurrenez hurren). Era berean, ez dauka arazorik erakunde horietan ez dauden bestelako bazkideak sar daitezen.
Egoitza Aiarako Koadrilan du eta hitzarmen bidez erakunde horrekin modu bateratuan lan egiten du, turismo arloan bien helburu komunak betetzearren.
Xede du beratako udalerrien indarberritze eta sustapen turistiko bateratua, euskal erakundeen babespean. Hau da, lurralde hauetako turismoa indarberritzeko eta garatzeko sustapen-ekintzak aztertzea, burutzea eta kudeatzea, beti ere bat etorrita turismoari eta aisialdiari lotutako egungo joera eta eskariekin.
Eskualdeak dituen ahalmen turistikoa eta baliabide ugariak (kulturalak, naturalak, ondarezkoak, baita gastronomikoak ere) aintzat hartuta, bi norabideko hainbat jarduera aurreikusten dira: batetik, aipatu baliabideen kontserbazioa eta egokitzapena, eta bestetik, horien hedapena eta sustapena.
Horrela, Elkartearen helburuen artean, ingurumenaren eta garapen jasangarriaren ezagutza eta babesa hedatzeko jarduerak bultzatuko dira. Jarduera horiek, gainera, zuzeneko onura ekartzen diote gure natura eta paisaia ingurune aberats eta preziatuari.
Halaber, gure ondare historiko eta artistikoa ere zainduko da, erakargarri turistikoa eta nortasun ikurra den heinean.
Era berean, gure kultura eta bizimoduak sustatu eta hedatuko dira, bereziki geure artisau produktu naturalak nabarmenduta, gastronomia, produktu tipikoak eta berezitasunak ahaztu barik.
Aiaraturrek uste du zaindu eta prestatutako gure baliabideen eskuragarritasuna garapen turistikoaren oinarria dela. Gainera, herritarrek eskaini ditzaketen eta eskaintzen dituzten zerbitzu ugari beharrezko ditu.
Sektore turistikoa gero eta gehiago hazten ari den eragile ekonomiko gisa sustatzea ezbairik gabeko errealitatea da, baita merkataritzarako eta ekimen pribatu zein publikorako aukera bat ere. Horregatik, sektore publiko edo pribatutik eratorritako ekimen eta jarduera ezberdinak koordinatuko dira, eskaintza erakargarriak egiteko eta egungo zein etorkizuneko bezeroei zerbitzu ona emateko asmoz.
Alde horretatik, azken hartzailea bezeroa bada ere, esan daiteke turismo arloan egindako jarduerek mesede egiten diotela herritarren bizi-kalitateari, ekipamendu eta zerbitzuen eskuragarritasuna, komunikazioak eta abar hobetzea eragiten dutelako.
Bestetik, produktu turistikoak sortzeko eta horiek hainbat tresnaren bidez merkaturatzeko lan egingo da, besteak beste, Dinamizazio Turistikoko Planaren bidez.
Beste administrazio publikoekin eta oro har erakundeekin etorkizun eta koordinazio estrategiak ere definituko dira.
Filosofia horrekin, Aiaraturren bidez eginbehar bateratuaren oinarriak eta ildoak ezarriko dira, helburu hauen eta beste batzuen garapen egokia bermatze aldera.




