Upategi, ostatu, jatetxe eta turismo bulegoak EUSKADIN AITZINDARIA den ekimen honekin konprometitu dira
Hogeita hamar establezimenduk (upategi, ostatu eta jatetxeak) eta turismo bulegoek atxikipena eman diote Aiara eta Goi Nerbioiko lehen Txakolinaren Ibilbidearen garapen proiektuari.
Guztiek hitzarmen bat sinatu dute Aiaratur elkarte turistikoarekin, horren bitartez proiektuan laguntzeko baldintzak formalizatu nahi izan dira, enpresa-sektore bakoitzaren arabera ezberdinak diren heinean. Hala ere, badaude bi baldintza orokor: batetik, instalazioen kanpoaldean ibilbidearen irudia jaso beharko duen ezaugarri bat jarri beharra; eta bestetik, Ibilbidearen lurralde esparruaren baitan kokatuta egotea.
Zehazkiago, jasotzen da upategiak Araba eta Bizkaiko Jatorri Deituretako Kontseilu Arautzaileei atxikita egon beharko direla edo txakolina dastatzeko gune berezi bat izan beharko dutela, besteak beste.
Bestalde, datu esanguratsuena da ostatuek Ibilbideari buruzko informazio turistikoa eta promoziorako materiala erakusteko leku bat izan beharko dutela. Jatetxeen ardoen kartaren baitan Araba eta Bizkaiko Jatorri Deitura duen txakolina egon beharko da.
Turismo bulegoei dagokienez, langileak behar bezala prestatuta egon beharko dira eta gai izan beharko dira Aiara eta Goi Nerbioiko Txakolinaren Ibilbideari buruzko informazioa emateko.
Aiaratur-en konpromisoa
Aiaratur erakundeak, erakunde laguntzaileei Ibilbidearen ikurra eta promoziorako materiala emateaz gain, establezimenduak aipatuko ditu burutzen dituen sustapen eta promozio ekintzetan. Ekimen hau Aiara eta Goi Nerbioiko eskualdea promozionatzera eta kalitate turistikoa hobetzera bideratutako ekimenei batzen zaie.




