Aiaratur elkarteko presidente Leire Oruetak, eta Renfeko ipar eremuko gerente Javier Marchitek erakunde bien arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute urtebeterako, baina luzagarria; hitzarmen horren arabera, tren enpresak Aiaraturrek kaleraturiko produktu turistikoei lehentasunez emango die publizitatea eta sustatu egingo ditu..Ildo horretatik, lankidetza hitzarmenak eskualdeko ibilbide turistikoen inguruko kanpainen sustapena jasotzen du, jendaurreko guneetan publizitatea jarrita. Gainera, Aiaraturrek lehentasunezko prezioa ezarriko die trenetako bezeroei produktu turistikoak kontratatzerakoan. “Eskualdean zeharreko ibilbide gidatuetan ehuneko 30eko deskontua eskaintzen hasiko gara orain, erabiltzaile horientzat larunbatetan autobus bat jartzeaz gain, eskualdeko upategi bat bisitatzeko aukera eduki dezaten”, aurreratu du Aiaraturreko presidente Leire Oruetak. Azkenik, Renfek, akordio honen bidez, erakunde turistikoaren produktuen publizitateari laguntzeko konpromisoa hartu du, bere web-gunean berriak eta estekak sartuta, linea guztietan kokaturiko txartelak erosteko makinetako pantailak erabiltzen uzteaz gain.
Aiaraturrek eta Renfek lankidetza-hitzarmena sinatu dute
Osteguna, 01 04 2010




