Gaurdanik bertatik erreserbatu daiteke zentzumenen gozamenerako Aiaraturrek paratu duen turismo eskaintza berria: “Zentzumen esperientziak”. Baserriko bizimodua bertatik bertara ezagutzeko, globoan hegan egiteko edota ardoterapiako zirkuitu batean erlaxatzeko aukera ematen duen ekimen berri honek Orduña Bainuetxe Hotelean egindako jendaurreko aurkezpenean izan zuen abiapuntua. Bertan egon ziren Pilar Zorrilla Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuordea, Hernando Lacalle Aiaraturreko presidenteordea, eta Aiaraldeko alkateak eta enpresa eta ostalaritzako ordezkariak.
Hernando Lacallek, Aiaraturreko presidenteordeak adierazi zuenez, «jarduera ezberdin eta dibertigarrien bila dabiltzan eta protagonistak eurak izan nahi duten turistei begira eratu dugu ekimen hau».
Ildo horretan, hiru esperientzia mota prestatu ditu Aiaraturrek: lehenengoa, “Tradizioa familia-giroan”, familientzat da, eta upategi bat edo baserri bat bisitatzeko, edo haurtzaindegi zerbitzua erabili eta “txakolinaren ibilbide”ko menu bat dastatzeko aukera ere eskaintzen du. Bigarrenak, “Nerbioiren iturburua zerutik” izenekoak, ausartenei globoan eta parapentean hegan egiteko, zaldi gainean ibiltzeko, arroilak jaisteko eta espeleologia egiteko bidea emango die.
Azkena, “Txakolinaren ahogozoa”, hedonistenentzat da. Ardoterapia zirkuituak eginez eta txakolin upategiak bisitatuz asebeteko dituzte euren itxaropenak lasai eta patxadatsu gozatu zale diren haiek.
Ibilbide hauetako bakoitzaren prezioa 5 eurotik aurrera da, eta erreserbak www.aiaraldea.org. web gunean egin behar dira.
Informazio gehiago jakiteko, jo Laudioko Turismo Bulegora edo deitu 944 034 930 telefonora.





