Euskadiko 1. Txakolin-Ibilbidea (Aiaraldeko eta Goi Nerbioiko Txakolinaren Ibilbidea) hasia da gorpuzten, ACEVINeko bazkide gisa onartua izan ostean.
Bazkidetza horren ondorioz ekimen hau sustatzen duen Aiaratur saiatuko da ibilbide erakargarria antolatzen, Aiara eta Goi Nerbio Eskualdeko aberastasun enologiko, gastronomiko eta turistiko osoa jasotzearren. Urrats berri hau dela-eta, Aiaraturreko presidentea pozik agertu da, “gure eskualdeko potentzial endogenoa zabaltzeko urte luzez egiten ari garen lanaren aitortza garrantzitsua baita”. Gainera, Oruetak esan duenez, “ACEVINen sartzea puntu estrategikoetariko bat zen gure ibilbidea estatuko ardogintza arloaren erreferentzia gisa kokatzea lortzeko”.
Izapide hau lortu ostean, Aiaraturrek bere buruari jarritako lehentasunezko helburua da ACEVINek ematen duen egiaztagiria lortzeko lan egitea, Turismo Idazkaritza Nagusiak sustatutako "Rutas del Vino de España" ekimeneko bazkide gisa katalogatu dezan.
Aitortza hori lortzearren, eskualdeko upeltegi desberdinek ACEVINen Produktu Turistikoaren Eskuliburuan jasotako kalitatezko eskakizun zorrotzak bete beharko dituzte, zerbitzuari, prestakuntzari eta azpiegiturei dagokienez .
Egiaztagiri hori lortuz gero, Aiaraldeko eta Goi Nerbioiko Txakolinaren Ibilbidea estatu mailan ere sustatuko litzateke.
Egun programa horren barruko egiaztagiria daukaten 12 ibilbide daude, esaterako, eta besteak beste, Galiziako Rías Baixas, Arabako Errioxa, Nafarroa eta Somontanokoak. Gainera, araudi hori betetzeko bidean daude Ribera del Duero eta Ribera del Guadianakoak.
Hogeita hamar establezimendu
Aiaraldeko eta Goi Nerbioiko Txakolinaren Ibilbidean hogeita hamar establezimenduk (upeltegiak, ostatuak eta jatetxeak) parte hartzen dute eta turismo bulegoek bat egin dute Aiaraldeko eta Goi Nerbioiko lehenengo Txakolinaren Ibilbidea garatzeko proiektuarekin.
Proiektuarekin bat egin duten elkarteek Airaturrekin lankidetza hitzarmen bana sinatu dute, eta bertan ezartzen dira Ibilbidean parte hartzeak dakartzan eskakizunak eta baldintzak. Zehazki, upeltegiak Araba eta Bizkaiko Jatorri-Deituren Kontseilu Arautzaileei atxikita egon beharko dira eta bisitariei dastaketak eskaintzeko berariazko eremua eduki edo atondu beharko dute.
Ostatuek, aldiz, leku ikusgarria izango dute Aiaraldeko eta Goi Nerbioiko informazio turistikoa eta ibilbidearen sustapen materiala erakusteko. Bestaldetik, jatetxeek euren ardo kartetan Araba eta Bizkaiko txakolina eduki beharko dute. Gainera, establezimendu guztiek instalakuntzetako kanpoaldean Txakolinaren Ibilbideko partaide gisa identifikatzen dituen adierazgarria jarri beharko dute.





