Idatzizko aurreneko testigantzek erakusten digute IX. menderako jadanik txakolinaren ekoizpena oso arrunta eta zabaldua zela Aiaraldeko nekazarien artean, batez ere Amurrion, Laudion eta Aiaran.
XIII., XIV., eta XV. mendeetan txakolin-mahastiak Aiaralde osoan zehar zabaltzen ziren. Arespalditzan topatu zen Euskal Herriko udal artxibategietan "chacolin" hitza lehenengo aldiz idatzita 1623ko azaroaren 1eko agiri batean.
Garai hartan hiriaren ekonomiarentzat errentagarritasun handiko produktua zen eta XIX. mendearen azken herenean Laudio haranean 965 area mahasti zeudela egiaztatu dugu.
1877 urtean hiru izurrite handik soroak suntsitu egin zituzten eta nabarmen txikitu zuten mahastien zabalera Euskal Herri osoan. Honek, beste faktore batzuei lotuta, mahastien landatzea eta txakolinaren ekoizpena Aiaraldean ea desagertzeraino eraman zituen.
1899tik aurrera mahastien birlandatzeari ekin zitzaion.
Egun, Aiaraldeko txakolingileen etengabeko ahaleginari esker, txakolinaren ekoizpena handituz doa nabarmen.
Datu historikoak Juanjo Hidalgoren eta Jose Miguel Llanoren El Txakoli en Álava/Arabako Txakolina liburutik jaso ditugu. Salvador Velilla Cordoba jaunaren ezin ordainduzko laguntza ere izan dugu, Amurrio 2003.
Bitxikeriak
Juan Uruñuela doktorearen arabera, “Txakolin” hitzaren esanahia egun ezagutzen dugun moduan “baserriko ardoa” edo “baserrian egiten den ardoa” da, euskarazko “etxakoa” (etxean egindakoa) hitzetik, eta hortik “etxakon” bilakatuta, etxearen ondokoa esan nahi duena, ondoren “txakon” hitzera eta, azkenik, “txacolin” edo "chacolin" terminora iritsi arte.
Tarteka, une horretan etxean zegoenarekin egindako bat-bateko menua dastatzen zen edariarekin batera, esaterako, zenbait legatz frijitu medailoi, bakailaoa pil-pilean, sardinak saltsan eta, gutxiagotan, arkumea saltsan.
Gardeako Kurtze baserria, Laudion, eskualde osoko txakolindegi famatuenetariko bat izan zen, bereziki tertulia gune eta bola-jolastoki izan zelako, bertan Ruperto Urquijo musikaria bezalako pertsona ezagunak biltzen zirelarik.
Aipatu beharra daude berriki aurkitu diren Txakolinerako lurrazpiko hainbat upategi, Artziniegako hirigune historikoko etxebizitza batzuen lur azpian, orain arte euskal txakolinaren eremu guztian aurkitutako bakarrak. Zehazki, Beheko Kalean kokaturiko bi jauregi barrokoz ari gara, biak XVII. mendekoak, eta Goiko Kaleko beste etxe batez, joan den mendeko hirurogeiko hamarkada aldera oin berrian eraikita, lur azpiko upategia iraunarazten jakin zuena.





