Euskal Herriko ardo berezi honen hiru jatorri-deitura ditugu Euskadin: Getaria, Bizkaia eta Araba.
Txakolinari eskainitako lehen jatorri-deitura 1989an sortu zen, zehazki, Getariako Txakolina Jatorri-Deitura. Horrekin, txakolinaren modernizazioari ekin zitzaion eta ardoen merkatuan kalitatezko produktu lehiakor gisa aurkeztu zen. 1994an Bizkaiko Txakolina JD, eta XXI. mendeko lehenengo urtean —2001— gure jatorri-deituren arteko gazteena sortu zen, Arabako Txakolina, hain zuzen, 1989tik Arabako Txakolina Elkartearen bitartez bere lekua aldarrikatzen bazebilen ere.
Laudio, Amurrio, Okondo, Aiara eta Artziniega udalerri aiararrak, bakar-bakarrik, Arabako Txakolina J.D. barruan sartzen dira. Urduña, berriz, udalerri bizkaitarra, Bizkaiko Txakolina J.D. barruan dago.





