Txakolina

Txakolina ardo arina da, fruta-gustukoa, apartsu samarra, ukitu azido eta freskagarriarekin, berau egiteko mahatsa hazteko  Aiaraldean klima egokia topatzen duena. Nagusiki (%80), Euskal Herrian jatorria duen “Hondarribi zuri” mahats mota erabiltzen da, eta neurri txikiagoan, zehazki %20an, Gross Manseng, Petit Manseng eta Petit Corbu barietateak erabiltzen dira.

Jai esanguratsuenak

Txakolin Berria / Hasierako topa

Urtarrilaren amaieran edo otsailaren hasieran ospatzen da, Gasteizen edo Jatorrizko Deituraren barne dauden herritako batean (Artziniega, Ayala, Amurrio, Laudio, Okondo). Irailaren bukaera aldean burutu ohi den mahats-bilketaren ondorengo Txakolina aurkezteko. Txakolin berria goraipatzeko ekitaldia da, lortutako kalifikazioa jakinarazita, eta lehen topa pertsonaia ezagun batek egiten du. Gainera, ospatzen den herriko tabernariek ahalegina egiten dute pintxoak eta Txakolina oso prezio berezietan eskaintzeko.

Txakolin Eguna Amurrion

Festa hau, maiatzean ospatzen dena, Txakolina festa gastronomiko baten baitan aurkeztean datza. Oro har Aiara Eskualdearen edo bereziki Arabako Txakolinaren aldeko ekimenak garatu dituzten pertsonak omentzen dira. Gainera, kalitatezko produktuekin senidetzea. Dastaketak eta herri eta artisau azoka Amurrion.

Txakolina Topera Gasteizen

Arabako txakolina ostalaritzan sustatzeko kanpaina da, Gasteizen ekainean eta uztailean zehar burutu ohi dena. Taberna eta kafetegietan Txakolin eta pintxo dastaketak egiten dira establezimenduekin adosturiko prezio merkeetan.

Txakolin Festa

Uztailean Okondon ospatzen den festa gaztea, berritzailea eta erakargarria da. Arabako txakoli upategi guztiak bertan biltzan dira.

Txakolina ekoizteko prozesua

Mahats-barietateak

  • Barietate nagusia: %80 Hondarribi Zuri
  • Honakook ezin dute guztira %20 gainditu: Gross Manseng, Petit Manseng, Petit Corbu.

Ekoizteko prozesua

  • Mahatsa mahastietan jaso eta upategira eramaten da.
  • Jarraiki txortena kentzen zaio.
  • Mahats-jotze prozesua: bereziki erreparatuta muztioak ahalik eta denbora gutxien egoteari patsak ukitzen.
  • Ondoren, prozesu azkarrean, prentsatu egiten da, bertan mahatsa jasotzen duen toberak deskarga erraztu eta mahats-jogailutik igaroarazten du, horrek azkoin batzuen bidez mahatsa txikitzen du, mahats-biltze ponparen bitartez prentsara puskatuta hel dadin. Prentsa pneumatikoa da, eta beste batzuekin duen ezberdintasuna da kasu honetan muztioa presio kontrolatuaz ateratzen dela aire-konpresore baten bidez, mahatsa estutu eta muztioa irtenarazten duen globo bat balitz bezala. Mahatsa gutxi gorabehera 2 orduz egoten da prentsan, behin igarota txortenak, haziak eta patsak kendu eta horiekin Txakolin-uxuala egiten da.
  • Andeletan hondarra garbitzen da, hau da, eratuz joan diren zati solidoak muztiotik kendu egiten dira. Legamiak hartzidura eragin eta azukrea alkohol bihurtzen du 15-35° bitarteko tenperaturan. Anhidrido sulfurosoak moteldu egiten du legamia hartzidura prozesuan, eta gainera, antioxidatzailea, esterilizatzailea eta bakterizida da.
  • Ontzi-aldaketa. Ardoa upelaren hondora joandako hondarretatik bereizteko prozesua da.
  • Ondoren hartzidura-andelera igarotzen da 12-15 egun bitartez eta 17°-ko tenperaturan. Legamiak (hondarrak) hondoan daudela, berriz ontziz aldatzen da, hondarrak kendu eta badaukagu txakolina izango denaren oinarria; une horretan bi prozesu gertatzen dira: hotz bidezko egonkortasuna eta ama-andelean iragaztea.
  • Altzairu herdoilgaitzeko andeletan biltegiratzea.
  • Botilaratzea.

Txakolinaren historia: “Lurraren ardoa”

Idatzizko aurreneko testigantzek  erakusten digute IX. menderako jadanik txakolinaren ekoizpena oso arrunta eta zabaldua  zela Aiaraldeko nekazarien artean, batez ere Amurrion, Laudion eta Aiaran.

XIII., XIV., eta XV. mendeetan txakolin-mahastiak Aiaralde osoan zehar zabaltzen ziren. Arespalditzan topatu zen Euskal Herriko udal artxibategietan "chacolin" hitza lehenengo aldiz idatzita 1623ko azaroaren 1eko agiri batean.

Garai hartan hiriaren ekonomiarentzat errentagarritasun handiko produktua zen eta XIX. mendearen azken herenean Laudio haranean 965 area mahasti zeudela egiaztatu dugu.

1877 urtean hiru izurrite handik soroak suntsitu egin zituzten eta nabarmen txikitu zuten mahastien zabalera Euskal Herri osoan. Honek, beste faktore batzuei lotuta, mahastien landatzea eta txakolinaren ekoizpena Aiaraldean ea desagertzeraino eraman zituen.

1899tik aurrera mahastien birlandatzeari ekin zitzaion.

Egun, Aiaraldeko txakolingileen etengabeko ahaleginari esker, txakolinaren ekoizpena handituz doa nabarmen.

Datu historikoak Juanjo Hidalgoren eta Jose Miguel Llanoren El Txakoli en Álava/Arabako Txakolina liburutik jaso ditugu. Salvador Velilla Cordoba jaunaren ezin ordainduzko laguntza ere izan dugu, Amurrio 2003.

Bitxikeriak

Juan Uruñuela doktorearen arabera, “Txakolin” hitzaren esanahia egun ezagutzen dugun moduan “baserriko ardoa” edo “baserrian egiten den ardoa” da, euskarazko “etxakoa” (etxean egindakoa) hitzetik, eta hortik “etxakon” bilakatuta, etxearen ondokoa esan nahi duena, ondoren “txakon” hitzera eta, azkenik, “txacolin”  edo "chacolin" terminora iritsi arte.

Tarteka, une horretan etxean zegoenarekin egindako bat-bateko menua dastatzen zen edariarekin batera, esaterako, zenbait legatz frijitu medailoi, bakailaoa pil-pilean, sardinak saltsan eta, gutxiagotan, arkumea saltsan.

Gardeako Kurtze baserria, Laudion, eskualde osoko txakolindegi famatuenetariko bat izan zen, bereziki tertulia gune eta bola-jolastoki izan zelako, bertan Ruperto Urquijo musikaria bezalako pertsona ezagunak biltzen zirelarik.

Aipatu beharra daude berriki aurkitu diren Txakolinerako lurrazpiko hainbat upategi, Artziniegako hirigune historikoko etxebizitza batzuen lur azpian, orain arte euskal txakolinaren eremu guztian aurkitutako bakarrak. Zehazki, Beheko Kalean kokaturiko bi jauregi barrokoz ari gara, biak XVII. mendekoak, eta Goiko Kaleko beste etxe batez, joan den mendeko hirurogeiko hamarkada aldera oin berrian eraikita, lur azpiko upategia iraunarazten jakin zuena.

Txakolina: jatorrizko-deitura

Euskal Herriko ardo berezi honen hiru jatorri-deitura ditugu Euskadin: Getaria, Bizkaia eta Araba.

Txakolinari eskainitako lehen jatorri-deitura 1989an sortu zen, zehazki, Getariako Txakolina Jatorri-Deitura. Horrekin, txakolinaren modernizazioari ekin zitzaion eta ardoen merkatuan kalitatezko produktu lehiakor gisa aurkeztu zen. 1994an Bizkaiko Txakolina JD, eta XXI. mendeko lehenengo urtean —2001— gure jatorri-deituren arteko gazteena sortu zen, Arabako Txakolina, hain zuzen, 1989tik Arabako Txakolina Elkartearen bitartez bere lekua aldarrikatzen bazebilen ere.

Laudio, Amurrio, Okondo, Aiara eta Artziniega udalerri aiararrak, bakar-bakarrik, Arabako Txakolina J.D. barruan sartzen dira. Urduña, berriz, udalerri bizkaitarra, Bizkaiko Txakolina J.D. barruan dago.

Ibilbidea

Gure establezimenduen berezitasunak eta kalitateak ez dute bisitaria ez hotz ez bero utziko eta gure lurreko ardo paregabe eta berezi honen tradizioan integraturik ikusiko du bere burua.

Txakolinaren kulturan murgil zaitezen nahi dugu baita gure ibilbidearen txoko bakoitzak ardo honen sekretuak erakuts diezazkizun ere.

Kideak

Aiaraldeak mota ezberdinetako ostatuak eskaintzen ditu: nekazalturismo etxeak, landa-etxeak, apartamentuak, hotelak, bainuetxea, aterpetxeak... turista mota guztientzat; haien artean zerbitzuaren kalitatea bermatzen duten eta eskualdeko txakolinari estuki lotuak diren jatetxe eta ostatu hauek ditugu.