Nerbioi ur-jauzia - Delikako arroila
Nerbioi Ur-jauzia edo Nerbioi Iturburua, Bilboko itsasadarraren sorburua izateaz gain, leku xarmagarria ere bada. Ur-jauzia 222 metrokoa da, penintsulako garaientakoa, eta ez da harritzekoa Euskal Herriko baliabide natural bisitatuenetakoa bilakatu izana.
BALIZKO BI PANORAMIKA
Ur-jauzia goitik ikus daiteke, ezagunena den Nerbioi Begiratokitik; urak erortzen diren tokira iritsi eta behetik ere ikus daiteke, Delikako Arroila gurutzatu ondoren. Berdin dio zein aukera hautatu, Nerbioi iturburuak eskaintzen duen panoramikak aho bete hortz utziko zaitu eta.
Nerbioi begiratokia
Sarbidea oso erraza da, eta kalitatezkoa. Oinez, bizikletaz edo haurrentzako kotxeekin irits daiteke. Aukera izango duzu Amurrio eta Gorobel mendilerroa goitik begiratuta ikusteko eta begiratoki amaigabeak bihurtzen diren labarretatik ibiltzeko.
Ur-jauzia Delikatik
Nerbioi ur-jauzia modu bereziagoan ikusi nahi duten horietakoa bazara, barnera zaitez Delikako haizpitartean eta ikus ezazu ur-jauzi zorabiagarria beste ikuspegi batetik.
Ibilbide zoragarriak ibaiaren bidea jarraitzen du, eta bazter ezkutu eta xarmagarriak erakusten ditu Nerbioi Ur-jauzia hamaika zatitan apurtzen den tokiraino iritsi arte.

Nerbioi ur-jauzia - Delikako arroila

Maroño Urtegia
Maroño Urtegia
Hemen, hegazti migratzaileek atseden hartu ohi dute baldintza meteorologiko kaltegarriengatik Mendilerroak eragiten dien trabari aurre egin ezin diotenean. Giza hornidurarako uharka txikia da, “v” erako profilarekin. Intsinis eta baso pinudiak, haritz eta zuhaixka arantzatsuekin nahastuta, paisaia ezin hobea osatzen duten osagaiak dira. Urtegi honetan, arrantza baimenduta dago martxotik irailaren 30era.
Gorobel mendilerroa
Gorobel Mendilerro handiak eskualdearen Hego-Mendebaldeko muga osatzen du. Aiara Haranaren gainean altxatzen den harkaitzezko paretatzarra da, 300-400 m-tik gorako maldekin. 20 kilometroko luzera du, eta Santiago mendia (hego-ekialdean) eta Angulo mendatea (ipar-mendebaldean) bereizten ditu. Tologorri, Ungino eta Txarlazo dira harresi tinko horretako gailurrik adierazgarrienak.
Haranera ematen duen “aurpegiak” (ipar eta ipar-ekialderantz) oso pareta malkartsuak eta aldapa handiko magalak eskaintzen ditu, haranerantz jaistean baso trinkoak osatzen dituztenak. Alderantziz, hegoalderi begira dauden magalek (Burgos probintzia) malda leuna eskaintzen dute, eta bertan bazkalekuak, sasitzak eta zuhaizti-unada handiak (batik bat pagoak) daude. Horrek guztiak aldapa erako profila osatzen du, asimetrikoa, Aiara Haranaren irudi esanguratsuenetariko bat bihurtu dena.
Ezaugarri horiek aintzat hartuta, bertako erakargarritasun handienetariko bat antzeman daiteke: bertako ikuspegi panoramikoak. Horrek Euskal Herriko mendiei dagokien beste erreferente bihurtu du Gorobel Mendilerroa.
Gainera, mendilerro osoaren baitan artzainen bizimodu tradizionalarekin lotutako eraikuntza hondar ugari daude; bordak, aterpeak, hondar prehistorikoak, otsotegiak eta abar.
Ziurrenik, azken hauek (otsotegiak) izango dira eremu horretako eraikuntzarik bitxi eta berezienak, haietariko asko ondo kontserbatuta baitaude eta otsoak ehizatzeko antzinako sistema erabat behatzea eta interpretatzea ahalbidetzen baitute: Gibijo, Santiago Mendiko eta San Migeleko otsotegiak nabarmentzen dira.

Gorobel mendilerroa
Goikomendi-Kuxkumendi
Goikomendi-Kuxkumendi
Goikomendi Kuxkumendi Natur Parkea bereziki babestua dagoen antzinako baso eremu bat da. 46,7 hektarea ditu eta lehengoratuta eta egokituta dago.
Bi ibilbide ditu:
Goikomendi ibilbideak 1,5 kilometro ditu, eta bertan irudikatzen dira erreserba horretan aspaldiko garaietan gizakiek burututako zenbait ekintza. Gainera, bertako landaretza autoktonoa da. Bestalde, Kuxkumendi ibilbidea dugu, 2 kilometrokoa; ibilbide horretan hainbat zuhaitz-espezie aurki ditzakegu, autoktonoak zein exotikoak.
Garrastatxu
Gorbeiako Natura Parkean dago, eta Baranbio herritik sartzen da parke honetara. Bertan dago Piedadeko Andre Mariaren ermita. Aiaraldearen ikuspegi ikaragarriak ditu eta hainbat mendi ibilbide has daitezke bertatik. Asteburu eta jaiegunetan taberna bat irekitzen dute eta bertan bazkaldu daiteke, aurretiko erreserbarekin.

Garrastatxu