Amurrio, Aiara haranean kokaturiko herri arabarra. Iparraldean, Laudioko haranarekin egiten du muga; hegoaldean, Bizkaiko Urduña herriarekin; ekialdean, Zuiarekin eta mendebalean, Aiararekin eta Urduñarekin. Amurrioko protagonistetako bat, zalantzarik gabe, Nerbioi ur-jauzia da. 270 metroko ur jauzi ikusgarria da, eta euria egiten duen hiletan are ikaragarriagoa da, ura lurrera lainoztatuta iristen baita. Benetako ikuskizuna.
Non gaude
Alday 3 behea, La Casona eraikina.
945 393 704

Arabako udalerri honek askoz gehiago du eskaintzeko. Landa-inguruaz eta bertako paisaiez gozatzeko ibilbide eta pasealekuak ditu: parkeak eta atsedenlekuak, museo paregabeak eta ekitaldiez beteriko agenda, bertako biztanleekin nahastu eta euskal ohiturak bertatik bertara bizitzeko.
Artziniega eskualdearen ipar-mendebaldean dago kokatuta. 28 km2 baino apur bat gehiagoko azalerarekin Aiarako Koadrilako udalerririk txikiena da. Artziniega ibaiak bustita, 600 m.tik gorako mendiek inguratzen dute (Peñalba, Pando, Zaballa eta Idubaltzak). 7 biztanle-gunek osatzen dute, nagusia Artziniega hiribildua bera izanda, gune honek udalerriko oinarrizko zerbitzuak biltzen ditu. Ezbairik gabe, udalerri honetako erakargarri nagusietariko bat Artziniega hiribildua bera da. 1272an Alfontso X.a Jakitunak eta Aragoiko Violantek sortuta, eta antzina harresiz inguratuta, Erdi Aroko kokapen bera du oraindik, bertako Alde Zaharrak ondo erakusten duen bezala, muino batean kokatutako kale paraleloen diseinu bereizgarriaz: Goikoa, Erdikoa eta Behekoa, euren artean kantoi bidez komunikatuta.

Erdi Aroko bilbearen kontserbazioak eta ondareari dagozkion osagaien kalitateak azaltzen dute Eusko Jaurlaritzak 1995ean Monumentu Multzo Historiko-Artistiko izendatu izana.
Bertako landa-inguruneak panoramika paregabeak eta ingurune natural aparta gozatzeko aukera eskaintzen du; aldi berean, bertako herriek Dorretxeak eta balio handiko landa-arkitektura dituzte oraindik.
Aiara, Aiaratarren leinuaren sorterria, Amurrio eta Artziniega artean dago kokatuta eta eskualde guztiko zabalena da. Habitata erabat barreiatua da eta hogeita bost gune txikik osatzen dute , guztien artean 2.564 biztanle batuta. Haran hau alboetan ikuspegi ederrak eskaintzen dituzten mendi-muinoek izten dute (Babio, 582 m; Eskoritas, 639 m; Peregaña, 625 m hegoaldean; eta Idubaltza, 691 m eta Pagonabarra/Panabarra 604 m iparraldean). Bertatik, hegoaldetik iparralderako norabidean, Izoria, Izalde eta Ibaltzibar ibaien arroak igarotzen dira, Salbada Mendilerroko (Gorobeleko) gailurretatik jaitsita Nerbioi Ibaian (Izoria) eta Kadaguan (Izalde eta Ibaizabal) itsasoratzeko. Aiara osatzen duten guneei dagokienez, esan beharra dago Arespalditzan Udaletxea eta inguruko oinarrizko hainbat zerbitzu daudela eta gainerako herriak nekazaritza guneak dira eta, batik bat, baserri sakabanatuek osatzen dituzte, bazkalekuek eta zuhaitz-unada txikiek banatuta, euskal-atlantiar paisaiaren landa irudi klasikoa eskainita. Baserri hauetariko asko benetako bitxi arkitektonikoak dira eta aparteko balio etnografikoa eskaintzen dute.

Horietako bat oso bereziki nabarmentzen da, Kexaan dagoen Aiaratarren Oinetxea, hain zuzen. Eskualde osoaren historia hertsiki lotzen zaio leinu horri eta, ezin zitekeenez bestela izan, haren sorlekuan Monumentu Multzo ikusgarria altxatzen da, egun haran osoko osagai esanguratsuenetariko bat bihurtuta.
Laudio eskualdeko Iparraldean dagoen udalerria da eta, azalerari dagokionez, txikienetarikoa (37,6 Km2). Hala ere, haraneko udalerririk jendetsuena da alde handiarekin, 19.000 biztanle inguru baitu. Nerbioi ibaia herri honen “bizkarrezurra” da, hiri-egitura osoa zeharkatu eta oso haran itxia irudikatzen baitu inguruan gailur garrantzitsuak dituela (Elorritxugana, 718 m; Pagolar, 721 m; Goikogane, 698 m), eta euskal mendizaletasunean mendi entzutetsuenetariko baten hurbiltasuna nabarmentzen da (Ganekogorta, 998 m).

Laudio zerbitzu eta hornidura zentro txikia da, eskualde osoarentzat erreferentzia merkataritzari, kulturari, aisialdiari eta abarrei dagokienez. Jatetxe, denda, taberna eta ostatu aukera zabala du. Ildo horretatik, naturaz eta mendiz inguraturiko ingurunean badago ere, hiri bateko erosotasun guztiak dauzka.
Pasaia belardi berdeek eta sakabanatutako baserriek osatzen dute. Baserrietako askok lau isurkiko teilatua dute, beharbada, antzinako dorreetan dutelako jatorria. Ganekogortaren itzalpeko auzoak esploratzeko, horiek lotzen dituzten ibilbide paregabeak daude, zeinak, besteak beste, Kurtziaga eta Kastillozar mendietara igotzen diren, behi-aziendak bazkatzen diren baso eta larreen artean.

Okondo Arabako txakolinaren erreferentzietako bat ere bada; hain zuzen, Jandiola auzoan, Astobiza upategia aurki dezakegu. Baserri azoka udaberriko lehen igandean egiten da. Euskal baserriaren inguruko jaia da, eta landa-bizitza tradizionalaren ohiturak eta usadioak berreskuratzea du helburu. Bertan, nekazaritza-, abeltzaintza- eta eskulan-produktuak egoten dira ikusgai.