a

Let’s Work Together

Image Alt

Aiaraldea

Aiarako Kuadrillak uda honetan Aiaraldea ihesaldi baterako edo helmuga gisa aukeratzera gonbidatzen ditu bisitariak, paradisu ezin hobea aire zabalean gozatzeko eta gastronomia goxoa dastatzeko

iaraldea kalitatezko helmuga turistiko jasangarria da, jende gutxik ezagutzen du baina behin bertaratuta liluratuta geratuko zara. Zugandik gertu dagoen ezkutuko paradisu hau aurkitzea nahi dugu, gure museoko-ibilbideaz gozatzea aire zabalean eta sukalderaino sartzea Aiaraldearen zapore ona hautemateko.

Horretarako, Aiarako Kuadrillak kanpaina berri bat abiarazi du bisitariak Euskal Herriko eskualde eder hau ezagutzera gonbidatzeko, etxean bezala sentiaraziko dituen leku pribilegiatu honetaz gozatzeko. Hedabide digitaletan, irratietan eta sare sozialetan hedatuko den kanpainan, Aiaraldeak naturan eskaintzen dituen leku magikoak erakutsiko dira. Gustu eta zentzumen guztietarako esperientziak, Aiaraldea bizi, sentitu, gozatu eta dastatzera datozen pertsona guztiak pozez zoratzen utziko dituztenak.

Encina Castresana Astarloa Aiarako Kuadrillako presidenteak uda honetan eta asteburuetan Aiaraldera etortzeko gonbitea egiten du, inguruneak eskaintzen dituen xarma guztiez gozatzeko: “Kanpaina berri honen bidez, jendeak eskualdeko baliabide erakargarriak ezagutzea nahi dugu, guregana etorri eta gozatzea, eta esperientzia errepikatzeko irrikaz geratzea. Hemen aurkituko dute bilatzen ari diren guztia eta etxean bezala sentituko dira hainbat arrazoirengatik: ingurune eta esperientzia paregabeak, kultura, historia eta benetako zaporea. Turismo jasangarria eta kalitatezkoa.”

Ezagutu ezkutuko paradisu bat pausu batera

Euskal Herriko eskualde eder hau, Aiaraldea, Arabako ipar-mendebaldean kokatzen da, Nerbioi ibaiaren goi-arroan eta bost udalerrik osatzen dute: Artziniega, Aiara, Laudio, Amurrio eta Okondo. Bi lurraldeetako hiriburuekiko (Bilbo eta Vitoria-Gasteiz) hurbiltasunak eta komunikazio onak eskualde hau leku erakargarria bihurtzen dute, non bisitariek ingurune natural eder baten lasaitasuna, kultura eta ondare berezia uztar ditzaketen.

Euskal Herria edertasun handiko paraje ikusgarriak izateagatik nabarmentzen da eta Aiaraldeak horietako onenetarikoak ditu. Hamaika txoko eta paisai zoragarri ditu, ikuspegi zoragarriak ikusteko eta mendi-ibiliak edo bestelako kirolak egiteko. Maroñoko urtegia da aipatzen ditugun altxor horietako bat. Hegazti migratzaileek atseden hartzen duten urtegi horren inguruan, insignis eta basa-pinudiak zuhaixka arantzatsuekin nahasten dira paisaia zoragarria sortuz.

Ondo ezagutzea merezi duen beste baliabide bat Gorobel/Sierra Salvada da, 300-400 metrotik gorako desnibela duen horma harritsu ikusgarria. Euskal Herriko mendizaleen erreferente honen erakargarritasun nagusia, zalantzarik gabe, bere ikuspegi panoramikoak dira, nahiz eta artzain-bizitzari lotutako eraikuntza tradizionalen aztarnak ere badituen, hala nola babeslekuak, otso-zuloak,bordak…

Bereziki udan, eguraldi ona egiten duen garaian, Aiaraldeak aisialdirako eta turismo aktiborako eskaintza zabala du. Zaldizko ibilaldiak, birding praktika, mendi-ibilaldiak, globo hegaldiak, parapentea, espeleologia, arroilen jaitsiera,… Ausartenek Aiaraldean kirol eta dibertimendurako eskaintza zabala aurkituko dute.

Udako egunek askorako ematen dute, eta denbora ahalik eta gehien estutu nahi duten pertsonak, ibilaldi baten ondoren, eskualdeko kultura, historia eta iragana kontatzen duten “txoko txiki paregabe” horiek bisitatzera gonbidatzen ditugu. Dorretxeak, ermitak, edo Arteko Andra Mariren Santutegia, ondare-gune horien adibide garbi batzuk baino ez dira.

Museoko ibilbidea aire zabalean

Eskualdean altxor handiak daude, horietako batzuk naturalak, hala nola Nerbioiko jauzia, 222 metro baino gehiagoko ur-jauzi nabarmena, penintsula osoko garaiena. Hori ikusteko modu berezienetako bat Delikako haitzartean sartzea da. Delikako ibilbide berdean barrena, ibaiaren ibilbideari jarraituz, txoko sekretu eta magikoak ezagutuko dituzu, jauzi handiarekin topo egin arte.

Bestalde, La Robleda de los Sueños aire zabaleko arte galeria da. Eskualdean bisita daitekeen baso artistiko bakarra da, 25 margolarik margotutako hariztiak aurki daitezke bertan.

Beste “museoko-pieza” bat Nerbioiko Parke Lineala da, naturaren eztanda hutsa. Aiarako haranaren bihotzean dagoen Nerbioi ibaiaren korridore hori oinez edo bizikletaz egin ahal izango duzu. Ibilbide horrek Laudio eta Amurrio lotzen ditu 8 kilometrotan zehar. Bertan, bisitariak historiaz beteriko baserri, errota eta baso hostotsuak ezagutuko ditu. Eta ez hori bakarrik, ondare esanguratsuenetatik ere oso hurbil dago, hala nola Kexaako Monumentu Multzotik, Arteko Andra Mariren Santutegitik edo Artziniegako hiribildutik.

Eta zer esanik ez udalerrien esentzia eta historia biltzen dituen eta eskualdeko artea eta tradizioak erakusten dituen bere museo-eskaintza handia. Hainbat euskal tradizio ezagutzeko museoak daude, hala nola Likorearen Museoa, Amurrioko likoreari eskainitakoa; Artziniegako Museo Sakratua, Museo Etnografikoa, edo Santxotena Museo-Tailerra, azken horretan, Xabier Santxotena artistaren eskutik bere lanak ikusi eta ukitzeko aukera ezin hobea izango duzu.

 

Sartu sukalderaino. Zapore onaz goza ezazu Aiaraldean

Euskal Herrian zerbaitetaz harro sentitu ahal bagara, gure gastronomia aberatsaz da, eta Aiaraldea horren erreferente argia da. Zero Kilometroko produktuak eta Arabako Txakolinak esperientzia enogastronomiko ikaragarriak bizitzeko aukera emango die bisitariei, eta behin eta berriz errepikatu nahi izango dute.

Txakolindegiak (Artomaña, Txakoli Txikubin eta Beldui Txakolina) bisitatzeko aukera ere hor dago, upeltegietan bisita gidatuen bidez mahatsaren prozesua ezagutzeko eta instalazioak ikusteko. Eta bisitaren ondoren, gure establezimenduetan tokiko gastronomia dastatzea baino gauza hoberik ez dago. Gustu guztietarakoak daude, jarduerari merezi duen amaiera emango diotenak.

Uda honetan, etxean geratzea ez da aukera bat izango. Zein leku hobea ostatu hartzeko Aiaraldea baino, kalitatezko turismo-eskaintza jasangarria duen helmuga erakargarria. Gainera, eskualdean behar guztiak betetzen dituzten ostatuak daude, hala nola, hotelak, nekazalturismoak eta landetxeak, bertako produktu aberatsak dastatzeko aukerarekin. Ingurune zoragarri honetan ostatu hartzeak bisitatzen gaituzten pertsonei oporraldi edo ihesaldi ahaztezina bizitzen lagunduko die.