a

Let’s Work Together

Image Alt

Aiaraldea

Aiarako Kuadrillak Aiaraldean bilatzen duzun guztia aurkituko duzu udazkeneko kanpaina berria abian jarri du

Nerbioi ibaiaren goiko arroan kokatzen da Aiaraldea, eta makina bat txoko ditu ezagutzeko. Udazken honetan gozatzeko plan dibertigarriak eskaintzen ditu. Aiaraldea sustatzeko kanpaina berriak, Aiaraldean bilatzen duzun guztia aurkituko duzu, Arabako helmuga turistiko hau ezagutzera gonbidatzen du, aisiarako eta dibertimendurako nahiz lasai egoteko eskaintza erakargarria baitu.

Encina Castresana Astarloa Aiarako Kuadrillako presidenteak udazkeneko zubiez eta asteburuez Aiaraldean gozatzera animatzen ditu bisitariak: “Aiaraldera, udazken honetan etortzen direnek bilatzen duten guztia aurkituko dute: esperientziak, ondarea, kultura, historia, natura eta gastronomia. Helmuga turistiko erakargarria da, turismo-eskaintza zabala, kalitatezkoa eta iraunkorra baitu; bertan, gustura eta bakean sentituko zara”.

Aiaraldea bost udalerrik (Amurrio, Artziniega, Aiara, Laudio eta Okondo) osatzen dute, turista guztiek ezagutu nahi duten helmuga, natura, ondarea eta kultura bat eginik. Kalitatezko turismoa eskaintzen du, urte osoan eta bereziki udazkenean ezagutzeko. Planak askotarikoak dira: oinez edo bizikletaz egiteko ibilaldiak, ondarea bisitatzea, paisaia naturalak, esperientziak, museo-eskaintza eta Arabako Txakolinarekin uztartutako hurbileko gastronomia goxoa.

 Aisialdirako eskaintza du urtaro guztietan, baina udazkenean, koloreen eztanda dela eta, une ikusgarria izaten da bisitatzeko. Mendi-ibilbideak, bisita antzeztuak, txakolindegi eta gaztandegietarako bisitak, museoak, esperientziak eta kirol-jarduerak, guztiak ere familian, bikotearekin, lagunekin edota lankideekin praktikatzeko.

Ikuspegi oso berezia, Nerbioiko ur-jauzia

Nerbioiko ur-jauzia ezagutu beharreko leku magiko eta ikusgarrienetako bat da. 222 metrotik gorako ur-jauzia penintsula osoko altuena da, eta, ondorioz, Euskal Herrian gehien bisitatzen den atrakzio naturala izatera iritsi da. Ondoan, Gorobel Mendilerroa dago, ikuspegi izugarriekin; gainera, helmuga ezaguna da turismo ornitologikorako, bertan bizi diren eta migrazio-mugimenduetan gelditzen diren hegaztiak direla-eta. Aiaraldea etxeko txikiekin gozatzeko helmuga bat da, familian erraz egiteko ibilbideak baititu; esate baterako, Maroñoko Urtegia, Garrastatxu, Nerbioiko Parke Lineala eta Delikako Ibilbide Berdea.

Horrez gain, museoen eskaintza ere zabala da, eta eskualdeko arte eta tradizio guztiak biltzen ditu; esate baterako, Likorearen Museoa Amurrion, Arte Sakratu eta Etnografia Museoak, Santxotena Museo-Tailerra Artziniegan, azken hori, gainerakoetatik bereizten dena, artistarekin harreman zuzena eskaintzen duen museo bakarra baita Euskadin. Beste eszenatoki idiliko bat Ametsen Hariztia da, benetako arte-galeria aire zabalean.

Historia handia eta ondare handia

Aiaraldeak artea, historia eta tradizioa batzen ditu, eta horrela erakusten du bertako ondare aberatsak (ermitak, dorretxeak, elizak…); hala nola, Kexaako Monumentu Multzoa, Amurrioko Indianoen Etxeak, Artziniegako hirigune historikoa, Saraube eta Aiarako dorretxeak, Ermuko Andre Mariaren Santutegia, Etxaurrengo ermita edo Encinako Andre Mariaren Santutegia, beste kokapen askoren artean.

Iraganera ere bidaiatzeko aukera dago bisita antzeztuen bitartez. Aukera ederra da adin guztietako pertsonak Artziniegako historian eta kulturan murgiltzeko. Halaber, bitxikeriez eta pasadizoez goza daiteke, aktoreekin modu interaktiboan aritzearekin batera. Aiarako Kuadrillako presidentea den Encina Castresana Astarloaren ustez, “familia osoarentzat entretenimendu hezitzailea eta dibertsioa eskaintzen duen jarduera da. Ezbairik gabe, denbora gainditzen eta Artziniegako magia modu paregabean deskubritzen duen bidaia da”.

Gastronomia gozoa, hurbileko produktuak Arabako Txakolinarekin uztartuta

Gure bereizgarria da Arabako Txakolina, eta Aiaraldeak Txakolinaren Ibilbide propioa du, gainera. Bisitariek gure upeltegietan (Artomaña, Txakoli Txikubin eta Beldui Txakolina) txakolina dastatu ahal izango dute, bisita gidatu eta guzti, edota gure establezimenduetan. Horrez gain, turistak gazta egiteko prozesua zuzenean ezagutu ahal izango du gaztandegietan, bertako produktuak dastatzearekin edota txikienek ardiak eta arkumetxoak ikustearekin batera.

Aiaraldeko bisita osatzeko osagarri ezin hobea da bertako gastronomia dastatzea edozein establezimendutan. Tradizioa eta kalitatea nagusi dira sasoiko produktuetan (udazkenean, onddoak eta perretxikoak) eta km0 produktuekin egindako errezeta gozoetan, aho-zaporerik onena uzten baitie baita ahosabai zorrotzenei ere. Esperientzia enogastronomikoa amaiera ezin hobea da gure eskualdera egiten den bisitarako.

Udazken honetan, Aiaraldea kolore-leherketa bat izango da. Bertako bidezidorrak, ibilbideak, basoak, mendiak eta parkeak okre, hori, berde, gorrixka tonuz janzten dira, eta konbinazio ikusgarri horri esker, nortasun berezia hartzen du, urtaroa une paregabea bilakatuz. Aiaraldean, urte-sasoi honetan ostatu hartzea magia hutsa da, bai ikuspegi koloretsu eta bikainengatik, bai ostatu-eskaintza handiagatik (hotelak, ostatuak, landetxeak eta nekazalturismoak), behar eta gustu guztiak betetzen baititu. Ihesaldi idilikoa helmuga turistiko erakargarri batean, udazken honetaz gozatzeko asteburuetan nahiz zubietan.