Aiarako turismoa suspertzeko inbertsioen programa berezia aurkeztu dute Arabako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak
Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak milioi bat euroko inbertsioen programa berezia aurkeztu dute, Aiarako Kuadrillako turismoa suspertzeko eta, horrela, eskualdean enplegua eta aberastasuna sortzen laguntzeko. Programa hori Eusko Jaurlaritzak onartutako Aiaraldeko Eskualderako Berehalako Jarduera Planean txertatzen da, 24 milioi euroko aurrekontuarekin.
Inbertsio-programa horri esker, 8 ekimen garatu ahal izango dira. Besteak beste, Kexaako Monumentu Multzoaren turismo-zerbitzuak eta -azpiegiturak hobetzea, Txakolinaren Ibilbidea indartzea, museo-sare bat sortzea eta ibilbide turistikoak abian jartzea, tokiko gastronomia eta Aiarako dorretxeak protagonista direla. Ekitaldi bereziak antolatzea eta marka turistiko bat sortzea ere horien artean daude.
Aurkezpen ekitaldia gaur eguerdian egin da Laudioko Lamuza parkeko kasinoan, Aiarako Kuadrillako tokiko erakundeen eta agente turistikoen aurrean. Bertan izan dira Ramiro González Arabako diputatu nagusia, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua eta Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatua. Aiarako Kuadrillako presidenteak, eskualdeko lau alkatek eta alkateorde batek tokiko erakundeak ordezkatu dituzte.


