- Hezkuntza-berrikuntzan aditua den J. A. Fernández Bravok emango du saioa azaroaren 7an, Lamuza Parkeko Kasinoan. Aiaraldeko Kuadrillak babestuko du prestakuntza
Aiaraldeko Hezkuntza Publikoak “Galderak egiteko artea: Nola erantzuten diegu haur, nerabe eta gazteen galderei?” prestakuntza antolatuko du datorren azaroaren 7an. Ekimenaren helburua da hausnartzea haur eta gazteen galderei nola erantzuten diegun eta haien jakin-mina, parte-hartzea eta pentsamenduaren garapena nola susta ditzakegun.
Jarduera 9:30etik 13:30era egingo da Laudion, Lamuza Parkeko Kasinoan. J. A. Fernández Bravo izango da prestatzailea. Hezkuntza Zientzietan doktorea da, Didaktikan espezialista, hezkuntza-berrikuntzan eta Matematiken Didaktikan aditua, eta irakasle eta ikertzailea.
Prestakuntza Aiaraldeko Kuadrillak babesten du, eta eskualdean erroldatuta dagoen edonori zuzenduta dago. Helburua da hezkuntzarekiko interesa duten herritarrei hezkuntza-tresnak eta -estrategiak hurbiltzea.
Jakin-mina sustatzea eta ikasleei entzutea
Saioaren helburua da ikasleen jakin-mina eta parte-hartzea sustatuko dituzten hezkuntza-testuinguruak sortzeko estrategia praktikoak eskaintzea, baita ikasleen pentsamendu-prozesuei arreta handiagoz entzutea bultzatzea ere.
“Funtsezkoa da gure haur eta gazteei hobeto laguntzen lagunduko diguten hausnarketarako eta elkarrekin ikasteko guneak sortzea. Haien galderei entzuten jakitea, nola pentsatzen duten ulertzea eta jakin-mina sustatzea ezinbestekoa da hezkuntza parte-hartzaileago eta kalitatezkoago baterantz aurrera egiteko. Aiaraldeko Kuadrillatik helburu horri lagundu nahi diogu, familien eta ikastetxeen arteko lankidetza indartuz eta gure eskualdeko hezkuntza-eraldaketa bultzatuko duten ekimenak sustatuz”, adierazi du Iñigo Pinedok, Aiaraldeko Kuadrillako presidenteak.
Doako izen-ematea
Parte-hartzea doakoa da, baina leku kopurua mugatua da, edukiera bete arte. Interesa duten pertsonek jardueraren kartelean dagoen QR kodearen bidez eman dezakete izena.




