Aiaraldeko Kuadrillak berretsi egin du eskualdean emakumezkoen kirola sustatzeko eta bultzatzeko duen konpromisoa, “Aiaraldeako Kuadrilla” Emakumezkoen II. Futbol Txapelketa antolatuta, Altzarrate Kirol Elkartearekin elkarlanean.
Jardunaldia datorren urriaren 3an egingo da, 9:30etik aurrera, Altzarrateko futbol-zelaian. Bigarren edizio honetan Hakusaitz, Altzarrate, C.D. Lauro eta San Prudencio taldeek parte hartuko dute, eta emakumezkoen futbolaren ikusgarritasuna, bizikidetza eta lehia uztartuko dituen kirol-jardunaldia eskainiko dute.
“Aiaraldeko Kuadrillan argi dugu emakumezkoen kirolak merezi duen lekua izan behar duela, bai gure instalazioetan, bai eskualdeko gizarte- eta kirol-agendan. Horregatik, oso harro gaude Altzarrate klubarekin batera emakumezkoen bigarren futbol-txapelketa hau babesteaz”, adierazi du Kuadrillako presidente Iñigo Pinedok.
Ekimen honek Kuadrillak berdintasunarekin, ohitura osasungarrien sustapenarekin eta neskek zein emakumeek kirola egin eta beren ahalmen guztia garatzeko aukerak sortzearekin duen konpromisoa islatzen du.
“Herritarrak animatu nahi ditugu urriaren 3an Altzarratera hurbil daitezen, txapelketaz goza dezaten eta beren presentziarekin emakumezkoen kirolari babesa eman diezaioten. Guztion artean, kirolarekin konprometitutako Aiaraldea berdinzaleago eta aktiboagoa eraikitzen jarraituko dugu”, gaineratu du Pinedok.
Ekimen honen bidez, Aiaraldeko Kuadrillak emakume kirolarien talentua, dedikazioa eta ahalegina aitortu eta balioan jarri nahi ditu. Era berean, eskualdeko neska eta gazteek beren kirol-jarduera garatzeko erreferenteak eta aukerak izan ditzaten lagundu nahi du.




