- Ekimenak herritarren parte-hartzea bultzatu nahi du, maiatzaren 7an Amurrion eta maiatzaren 9an Laudion informazio-puntuak jarriz
- Bertaratzen diren pertsonei aholkularitza, dibulgazio-materiala eta kalitatezko konposta eskainiko zaizkie
Aiaraldeko Kuadrillako auzo konpostajeko guneetan parte-hartzea sustatzeko helburuarekin, Aiaraldeko Kuadrillak bi informazio-puntu jarriko ditu Laudio eta Amurrio udalerrietan.
Gune horietan konpostaje-eremuen funtzionamenduari eta mantentzeari buruzko informazio zehatza eskainiko da, baita arreta pertsonalizatua ere, edozein zalantza argitzeko. Gainera, bertaratzen diren pertsonek kalitate goreneko konpost-saku txiki bat jasoko dute —Aiaraldeko konpostaje-sarean ekoitzia—, lau hostoko hirusta-hazi poltsatxo batekin batera.
Informazio-puntu horietako lehena maiatzaren 7an, osteguna, jarriko da Amurrioko San Jose auzoko konpostaje komunitarioko gunearen inguruan, Zabaleko ikastetxearen ondoan, 16:30etik 18:00etara.
Bigarren puntua, berriz, maiatzaren 9an, larunbata, jarriko da Laudioko Arraño auzoko aparkalekuaren inguruan, 11:30etik 13:00etara.
Adierazitako egunetan bertaratu ezin duten pertsonek zuzenean jarri ahal izango dute harremanetan Aiaraldeko Kuadrillako teknikari taldearekin, ingurumena2@aiaraldea.org helbide elektronikoaren bidez edo 679 79 19 33 telefono-zenbakira deituta.
Ekintza hau Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak Aiaraldeko Kuadrillari emandako dirulaguntzari esker gauzatzen da.




