- Hiru asteburutan zehar garatutako egitarauak gastronomia, kultura, ondarea, enoturismoa eta natura uztartu ditu eskualdeko hainbat herritan
- Ekimenak Arabako Txakolina eta tokiko produktuak balioan jartzen jarraitu du, Aiaraldea ezagutzeko eta gozatzeko hainbat modu herritarrengana hurbilduz
- Edizio hau amaituta, Aiaraldeak eskualdea norberak ezagutzen jarraitzera gonbidatzen du, bertako ondarea, gastronomia eta natura-baliabideak ezagutuz
Txakoli Bizi 2026 ekimena amaitu da, Aiaraldeko hainbat herritan hiru asteburutan zehar egindako jarduera eta esperientzien ostean. Ekimenaren seigarren edizioa oso balorazio positiboarekin amaitu da, eta Arabako Txakolinaren inguruan gastronomia, kultura, ondarea, enoturismoa eta natura uztartu dituen egitaraua eskaini du beste behin.
Joan den azaroaren 6an abian jarri zenetik, proposamenak eskualdera hurbiltzeko, bertako produktuak ezagutzeko eta eskaintzen dituen baliabideez gozatzeko hainbat aukera eskaini dizkie herritarrei. Egitarau anitzak gastronomia-jarduerak, kultur bisitak, ikuskizunak, tailerrak eta aire zabaleko esperientziak bildu ditu, Aiaraldearen aniztasuna eta erakargarritasuna erakusteko helburuarekin.
Iñigo Pinedo Aiaraldeko Kuadrillako presidenteak modu positiboan baloratu du seigarren edizio hau: «Oso pozik gaude Txakoli Bizi ekimenaren garapenarekin eta egitarauak izan duen harrerarekin. Hiru aste hauetan zehar erakutsi ahal izan dugu Aiaraldeak Arabako Txakolina bezalako erreferentziazko produktu bat baino askoz gehiago eskaintzen duela. Gure gastronomia, ondarea, kultura eta natura-ingurunea eskaintza anitz baten parte dira, eta merezi du horiek ezagutzea eta horietaz gozatzea».
Era berean, Iñigo Pinedok eskerrak eman nahi izan dizkie egitaraua gauzatzen lagundu duten pertsona guztiei: «Eskerrak eman nahi dizkiegu jardueretan parte hartu duten pertsona guztiei, eta bereziki edizio honekin bat egin duten upategiei, ostalaritza-establezimenduei, profesionalei, artistei, elkarteei, udalei eta erakunde laguntzaileei. Txakoli Bizi elkarlanean garatutako proiektua da, eta proposamen bakoitzaren atzean pertsona askoren lana dago, gure eskualdea ezagutarazteko eta eskaintzen duen guztia balioan jartzeko».
Aiaraldeko Kuadrillak azpimarratu du garrantzitsua dela ekimenak sustatzen jarraitzea, Arabako Txakolina eta tokiko produktuak ezagutarazteaz gain, eskualdeko turismo-, kultura- eta ekonomia-jarduera dinamizatzen eta udalerrietako baliabideei ikusgarritasuna ematen laguntzen baitute.
Aiaraldea, Txakoli Bizi amaitu ondoren ere ezagutzeko asko duen eskualdea
Edizio hau amaituta, Aiaraldeko Kuadrillak herritarrak eta oraindik eskualdea ezagutzen ez dutenak bertara etorri eta beren kabuz ezagutzera gonbidatzen ditu. Aiaraldeak merezi duen lasaitasunez bisitatzeko moduko ondare historiko eta kulturala du. Horren adibide dira Kexaako Monumentu Multzoa, bertako jauregi gotortuarekin eta Andre Mariaren ilearen kaperako dorrearekin; Artziniegako Erdi Aroko hirigune historikoa; edo Laudion dagoen Santa Maria del Yermoko santutegia.
Gastronomia ere eskualdeko erakargarritasun nagusietako bat da. Arabako Txakolinaz gain, Aiaraldeak tokiko produktu ugari eskaintzen ditu, hala nola gaztak, odolkiak, haragiak, ogia, eztia eta baratzeko produktuak. Horrez gain, inguruko sukaldaritzaz gozatzeko aukera ematen duten hainbat establezimendu ere badaude.
Lurraldea naturarekin harreman zuzenean ezagutzea nahiago dutenentzat, eguraldiak laguntzen duen egunetan mendiko botak jantzi eta eskualdeko bidezidorretan barrena ibiltzeko edo bizikleta hartu eta Aiaraldeko paisaiak eta herriak ezagutzeko aukera bikaina dago, mendi-ibilien ibilbideen eta Aiaraldea Cycling egitasmoaren bidez.
Bisita antolatzeko, interesgune nagusiak kontsultatzeko, bertako gastronomia ezagutzeko eta eskuragarri dauden ibilbide eta proposamenetara sartzeko informazio guztia Aiaraldeko Turismoaren webgunean dago jasota: www.turismo.aiaraldea.org.




