Euskadiko Turismoaren Kode Etikoari atxikitako enpresa berriei aitorpena eta ziurtagiriak ematea
Atzo ziurtagiriak banatu zitzaizkien Euskadiko Turismoaren Kode Etikoari atxikitako erakunde berriei. 86 enpresa berri sartu dira dagoeneko Kodean eta guztira, 765 enpresa dira Kodea osatzen dutenak. Honek iraunkortasunaren aldeko konpromisoa betetzen dela bermatzeko prestakuntza eta auditoretza integrala dakar.
Etika Batzordeak bere batzarra egin zuen akreditazioak banatu aurretik, NBE Turismoko eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko ordezkariekin, Basquetourren bitartez.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok azaldu zuenez, turismoa “pertsonen arteko elkartrukean oinarritutako jarduera da, eta, horregatik, etikarekin estuki lotuta egon behar du beti, alderdi guztietan. Turismoak bizikidetzan oinarritu behar du, hartzen duten herritarrengan eragin positiboak sortzeko. Helmuga ez delako txintxeta bat mapa batean, ezta post bat sare sozialetan ere. Helmuga lurralde bat da, kultura bat, ekosistema bat. Euskadin argi izan dugu eta horrek jasangarritasun eta etika turistikoko eredu baten aldeko apustua egitera eraman gaitu”.
Halaber, sailburuak turismo jasangarriaren definizioa azpimarratu zuen: “Komunitateari onurak ekartzen dizkion turismoa. Eta, era berean, bere jarduera ingurumenean eta tokiko kulturan eragin minimoa sortuz garatzen duen turismoaz ari gara. Erantzukizun eta jasangarritasun turistikoak hiru alderdi hauek hartu behar ditu beti bere baitan: ingurumenekoa, soziokulturala eta ekonomikoa”.
Hurtadok nabarmendu zuen 6 urte igaro direla Turismoaren Kode Etikoa ezarri zenetik: “Denbora honetan etengabe aritu gara hura hobetzeko eta egokitzeko lanean, 8 printzipioak 6an batzen dituen bertsio berri batekin. Eta material berriekin ere bai, sustapen-webgune profesional berri baten bidez eta Turista Arduratsuaren Gidaren bertsio berri baten bidez ezagutarazteko, jasangarritasunaren garrantziari buruz sentsibilizatzen jarraitzeko. Eta horretan, enpresak ezinbestekoak zarete zuen lanarekin eta konpromisoarekin”.
